Orio, itsasoz urdin eta mendiz berde izateaz gain, horia ere bada. Kaleen izenen xaflak horiak dira, jatetxe eta denda askotako errotuluak horiak dira, eguzki-oihal hori asko dago herri guztian zehar… Horia baita trainerua eta arraunlari oriotarren kolorea. Arraunketak jarraitzaile asko ditu eta Orion ohitura handiko kirola da, herria bera hori bihurtzen duelarik.
Arraunketa tradizio eta elitezko kirolaren arteko nahasketa berezia da. Traineruak, XIX. mende amaieran, arrantzale eta ontzi-garraioaren inguruko lanbideekin loturiko jarduera izatetik, Euskal Herriko hainbat herritako gazteen arteko txapelketa izatera pasa zen.
Ezin da Orio arraunketarik gabe ulertu. Udan, arraunketa denboraldia pil-pilean dagoenean, Orioko balkoiak horiz janzten dira. Oriotarrak, arraunketa ikusi edo jarraitu baino, bizi, gozatu eta biziki sufritzen dute.